Doako euskara ikastaroak langabeentzat

Helduen euskalduntzea bultzatzeko proiektu pilotu bat iragarri du Eusko Jaurlaritzak: langabeek euskara ikasteko eskaintza egingo du Lanbidek. Helburu dute euskara ikasita haien lan aukerak handitzea.

 

Lanbiden izena emanda egon eta formazioa jasotzen ari diren langabeek izango dute aukera euskara dohainik ikasteko. 200.000 euroko diru saila jarri dute, eta espero dute 400 bat langabe bidali ahal izango dituztela euskaltegira. Gehienezko kopuru hori gaindituko balute izen emateek, aukeraketa bat egingo luke Lanbidek —kontuan hartuta langabearen lan esparruak nolako harremana daukan jendaurreko jardunarekin—.

 

Bingen Zupiria Hizkuntza Politikarako sailburuak eta Beatriz Artolazabal Enplegu sailburuak aurkeztu dute hitzarmena. Hain justu, matrikula kanpaina betean dira euskaltegiak, eta kanpaina iragartzean emandako mezua berretsi du Zupiria sailburuak: euskara ikasteak "mundu berri bat" dakarrela. Artolazabal sailburuak nabarmendu du enplegagarritasuna hobetzeko bitartekoa dela euskara ikastea langabeentzat. Izan ere, sailburuak azaldu du Lanbiden ari direla sumatzen enpresek euskara ezagutza eskatzen dutela langileak hartzeko, "batez ere jendaurreko postuetan eta eremu geografiko batzuetan".

 

Funtzionamendua honakoa izango da: Lanbidek heziketa eskaintzan jasoko du euskara ikasteko aukera, eta urriaren 16ra arte eman ahalko dute izena Lanbiderekin heziketa jasotzen ari diren ikasleek —2014tik hona heziketa jaso dutenak ere sartu ahalko dira—. Izen emate gehiago baleude, aukeraketa egingo du Lanbidek. Behin onartuta, ikasleak berak hautatu ahalko du egokien datorkion euskaltegia, eta hango taldeetan sartuko lukete, dagokion mailaren arabera. Ez luke gasturik pagatu beharko ikasleak: hasieratik ordainduko du matrikula Lanbidek. Ez da, beraz, Eusko Jaurlaritza gainerako euskara ikasleentzat bultzatzen ari den sistema bera —titulua lortu ondoren itzultzen die dirua ikasleei—, baizik eta doakotasuna hasieratik ezarriko du.

BERRIA