Zergatik etorri barnetegira?

Euskalduntze-prozesua azkartzeko modurik onena hizkuntzan murgiltzea da. Zer hobea horretarako barnetegia baino? Barnetegia da leku egokiena euskara ikasten ari zarela, zure hizkuntza-jardun berriak sendotu eta horietan sakontzeko. Denbora laburrean, aurrerapauso nabarmenak emango dituzu euskara zeureganatzeko eta ziurtatzeko bidean.

MAIZPIDE barnetegian euskara ikasi ez ezik, euskaraz biziko zara; gure hizkuntza modu naturalean ikasteko bermea dugu, eta horren adibide dira hemendik igarotako hainbat eta hainbat ikasle eta euskaldundutako hiztunak.

Barnetegia urritik ekainera

Urte osoan eskaintzen ditugu ikastaro trinkoak barnetegian, 1982-1983 ikasturtetik.

Urritik ekainera arteko ikastaro hauek hilabetekoak izaten dira, 3 edo 4 astekoak, egutegiaren arabera. Astelehenetik ostiralera izaten dira bertan ikasleak.

Udako barnetegiak

Uztaila, abuztua, iraila.

Aspaldian hasi ginen Lazkaon udako ikastaroak ematen, izan ere, 1975ean antolatu zen I. UDAKO EUSKAL IKASTARO TRINKOA.

Euskarara Heldu

Helduei zuzendutako ikastaro honetan euskara eta euskal kultura izango ditugu programazioaren ardatza, bereziki Goierrira egokituta. Metodologia komunikatiboa bidelagun, zure gaitasun komunikatiboa landuko duzu, eta Goierri eta Euskal Herriko beste zenbait txoko ezagutuko duzu.